Pandemiako Glosarioa partaidetzazko on line proiektua da, eta 2020ko BILBAO DESIGN WEEKen aurreko edizioan jarri zen abian. Saiakuntza kolektiboa da, pandemiako, konfinamenduko eta “normaltasun berriko” hilabete hauetan sortutako gai zehatzei izena jartzen dieten hitzak asmatzeko eta sortzeko.
Orain dela urtebetetik, jendeak webgunearen bidez bidali dizkigun terminoak jasotzen joan gara. Gaur egun, era guztietako 100 bat termino ditugu, eta honako hitz hauek daude haien artean: quarateens, nose-spreading, falsificante, confidestino, zoombada edo covidiota.
Batzuk pandemiaren arkeologia dira gaur egun, aldatzen ere joan den birusa kontrolatzeko neurrietara nola joan garen egokitzen adierazten dutelako. Beste batzuk, ordea, badirudi beti egon direla hemen. Lexiko berri horrek zer erakusten zigun aztertzen ibili gara. Jendeak asmatutako hitz berriek honako hauxe dute hizpide, besteak beste: gure artean harremanetan jartzeko modu berriak, ohitura berriak, polarizazioa, zainketen krisia eta teknologiek gure bizitzan duten agerpena.
Orain, 2021eko BILBAO DESIGN WEEK dela eta, saiakuntzan sakontzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, edizio berria prestatu dugu, eta, bertan, Pandemiako Glosarioko terminoen inguruan sortzen diren gatazka eta errealitate batzuk jorratuko dira. Arrakalak, aukerak eta azaleratu diren errealitate berriak hartu nahi ditugu kontuan, partaidetzapean normaltasun berrirako IRTENBIDEAK, PROPOSAMENAK, IDEIAK, NEURRIAK zehazteko. Nola?
NORMALTASUN BERRIRAKO ELKARRIZKETAK
Zenbait arlotako adituak eta giza taldeetako edo erakundeetako ordezkariak gonbidatu ditugu, zenbait on line elkarrizketatan parte hartzeko, hitz egiteko eta, pandemia hasi zenetik eta azken hilabeteotan irekitzen ari omen den "normaltasun-fase" berrian, zenbait gai nola ari diren bilakatzen ikusteko. Elkarrizketa hauek Pandemiako Glosarioaren eta 2021eko BILBAO DESIGN WEEKen webgunean argitaratuko dira.
Hona hemen elkarrizketen eta ideien deialdiaren abiapuntu izango diren hiru gaiak:
- Osasuna, pandemiatik haratago. Osasun bateratua eta zainketa partekatuak. Hizlariak baieztatu gabe daude oraindik.
- Turismoa eta jasangarritasuna: aukera berriak eta norabide-aldaketak. Hizlariak baieztatu gabe daude oraindik.
- Politika egiteko eta parte hartzeko modu berriak: internet ote da hondar politika berria? Hizlariak baieztatu gabe daude oraindik.
IDEIEN eta ERREKLAMAZIO-ORRIEN POSTONTZIA
Elkarrizketa hauek abiapuntua izango dira, gero partaidetzazko deialdi publiko berria abian jartzeko eta, horrela, normaltasun berrirako IRTENBIDEAK, PROPOSAMENAK, IDEIAK, NEURRIAK edo ALDARRIKAPENAK arakatzeko.
glosariopandemia.eus webgunean, inprimakia gaituko dugu, proposamenak egiteko prozesuan parte hartu ahal izateko. Horrela, postontzi irekia sortuko da, open data moduan unean bertan ikusgai egon dadin eta irtenbideen mapa kolektiboaren eraketarako erabili dezagun.
AZAROAREN 8TIK AURRERA, ELKARRIZKETEN BIDEOAK ARGITARATU ETA IDEIEN ZEIN ERREKLAMAZIO-ORRIEN POSTONTZIA IREKIKO DUGU